lunes, 20 de diciembre de 2010

VOKI






1go artikulua

Teknologia berriak: Telebistaren erabilera hezkuntzan

Orain dela hogeita hamar urte jendeak telebista masen heziketarako tresna ona zela uste zuen. Gobernuek diru asko inbertitu zuten telebistaren bidez hezkuntza programak garatzeko. Beti gertatu ohi den bezala, lehenengo programak nahiko txarrak izan ziren. Idatzizko testuei irudiak erantsi baino ez zuten egiten, besterik ez. Nolanahi ere idatzizko lengoaia eta irudien lengoaia nahiko desberdinak dira. Imajinatu, Errusian euskaraz mintzatuko bagina, inork ez liguke ulertuko. Ez du zentzurik aipatutako bi lengoaia horiek nahasteak. Beraz, hori ez dugu ahaztu behar.

Dena den, argi dago hedabideek arrakasta izugarria izan dutela. Seguraski, guraso askok seme-alabek eskolatik atera ondoren telebista gehiegi ikusten dutela pentsatuko dute. Estatistiken arabera, batez beste egunean hiru ordu ikusten dute telebista gazteek. Esan al daiteke gehiegi dela? Nire ustez, kasu honetan denbora ez da gauzarik garrantzitsuena. Jakina da telebistaren aurrean egoten garen denbora kontuan hartu behar dela, baina agian kalitateari ez zaio behar duen garrantzirik ematen.

Gurasoek telebistari buruz duten iritzia ezkorra bada ere, telebistak ekarpen handiak bultza ditzake ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan. Eduki batzuk irudiekin oso ondo adieraz daitezke. Adibidez, historiako hainbat gertaera ulergarriagoak izan daitezke pantaila txikian ikusteko aukera izanez gero. Esate baterako, Berlingo harresiaren erorketa, ilargirako bidaia, sumendien erupzioak, Chernobilen gertatutakoa, baso-suteen ondorioak eta abar irudien bidez testuen bidez baino hobeto uler ditzakegu.

Gauzak horrela, sortzen zaidan galdera hauxe da: zergatik ez da, bada, erabiltzen telebista ikastetxeetan horrelako ondorio nabarmenak baditu ikasketa prozesuan? Ia inork ez dizkio ikasle bati liburuak debekatzen gehiegi irakurtzen duelako. Zergatik? Gure gizartearentzat liburuak irakurtzea telebista ikustea baino hobea delako, lehenengoek jasoagoak baitirudite. Askok diote telebista txarra daukagula, baina liburu txarrak ere baditugu. Gakoa ez da telebista ona edo txarra daukagun, baizik eta hedabide horri zein erabilera ematen diogun.

Hasieran kalitatea aipatu dut. Kalitatea zehazterakoan gutxienez bi aldagai eduki behar ditugu kontuan. Alde batetik, telebista programa bera egokia denentz; eta beste aldetik, programa hori erabiltzeko era aproposa denentz. Programa on batek ez du ezertarako balio gaizki erabiltzen badugu, eta era berean, programa txar batekin ariketa egokiak egin ditzakegu. Adibidez, jendea telebistan iragarki gehiegi sartzen dituztelako kezkatzen da, baina oso jarduera politak egin ditzakegu iragarkiak erabiliz. Galiziako eskola batean publizitateari buruzko hausnarketa interesgarriak egin zituzten. Besteak beste, galdera hauek planteatu zituzten hausnarketarako: zer ordutan sartzen dituzte iragarki gehiago? Zein motatakoak? Nori zuzendutakoak? Zein egunetan? Horiek bezala beste mila galdera sor daitezke iragarkiei buruzko hausnarketa egiteko. Froga ezazue!

Horrez gain, gelan erabil ditzakegun programak ez dute hezkuntzarako berariaz egindakoak izan behar. Adibidez, probabilitatea lantzeko James Bond-en filmaren zatitxo bat ikus dezakegu eta ondoko galderak planteatu: Kasinoan dagoenean, zein da dadoetan bi seiko ateratzeko probabilitatea? Eta gauza bera berriz gertatzeko?

Telebistaren erabilerak gelako antolaketa aldatzen du. Normalean irakasleak hitz egin eta ikasleek entzun egiten dute. Teknologia berri honekin irakasleen eta ikasleen artean zegoen komunikazio zuzena galdu egiten da. Batzuen ustez, arrazoi hori nahikoa da telebista ez erabiltzeko. Haien iritziz, irakasleak etengabe ikusi behar ditu berak esaten duenari buruzko ikasleen erreakzioak. Ni ez nago ados iritzi horrekin. Ikasleen artean esertzen bagara, beraiek pentsatzen dutenari buruzko gauza asko asma ditzakegu.

Irakasle batzuk uste dute behin telebistako programa ikusita ariketa amaitu egiten dela. Haatik, guztiz kontrakoa da. Benetako lana telebista ikusi eta gero hasten da. Telebista programa batekin informazio pila bat jaso dezakete, baina ondoren informazioa landu egin behar da. Gaur egun telebistaren munduan izugarrizko garrantzia ematen zaio informazioa jakiteari, baina informazio bat gogoratzea buru eragiketarik sinpleena da -bestela ordenagailuak ez lukete egingo!-. Guri interesatzen zaiguna da ikasleek beren kabuz pentsatzea eta erabakiak hartzea; eta hori lortzeko informazioa baino gehiago behar dute.

Baina nola landu jasotako informazio hori? Ez da erraza. Guk ezin dugu egin beraien partez. Irakasleen zeregina ikasleei informazioa antolatzen laguntzea da. Hau da, informazioa erlazionatzeko, laburtzeko, aztertzeko, aplikatzeko edo ideia garrantzitsuenak azaltzeko eska diezaieke. Beraz, lanik garrantzitsuena telebista ikusi eta gero egiten da. Gaur egun informazioa edonon aurki dezakegu, baina ez gure pentsamendua, eta ezta erabakiak hartzeko gaitasuna ere.

Telebistak gero eta merkeagoak dira. Beraz, ez litzateke ideia txarra izango gela bakoitzean telebista bat jartzea. Ikusten dudan arazo garrantzitsuenetako bat klaseek telebistaren programazioaren erritmora joan beharra da, eta hori normalean ez da gertatzen. Horretarako, bideoak aukera interesgarriak eskaintzen dizkigu. Guk erabakitzen dugu zer, noiz eta zenbat aldiz ikusi. Hala ere, bideoari buruz datorren hilabetean hitz egingo dugu.

INFORMAZIO ITURRIA 
  • http://www.hikhasi.com/artikulua > aldizkaria 
ARTIKULU HONEN ZERGATIA

Oso interesgarriak iruditzen zaizkigu telebistan ematen dituzten programa didaktiko batzuk, adibidez, zienek ez du inoiz ere “Barrio Sesamo” ikusi? Edota “Érase una vez el cuerpo humano”? gaztelaniaz eta, “Autobus Magikoa”? euskaraz. Telesail hauei buruz hitz egitea nahi genuen eta artikulu hau, hezkuntzan telebistaren erabilerari buruz hitz egiten duenez, hau aukeratu dugu.

IRUZKINA

Aurreko artikulu batean agertu zenez, ordenagailuekin bezala, telebistarekin ere berdina gertatu zen, hau da, hasieran uste izan zen telebistak arrakasta handia izango zuela hezkuntza mailan. Lehenengo telesailak, normala den bezala, nahiko eskasak izan ziren, hori dela eta, hezkuntza mailan telebista erabiltzea bukatu zen. Urte batzuk geroago, eta programa didaktiko hauek hobeak izaten hasi zirenean, berriro ere erabiltzen hasi ziren eta gaur egun, berriz, lehengora bueltatu da, hau da, telebista erabiltzea (hezkuntzan) ez dago oso ontzat hartuta, liburuak material egokiena direla uste da, baina, non azaltzen da adibidez sumendi baten funtzionamendua era egokiago batean? Liburuetako letra eta argazkien bidez edo telebistan benetako sumendi bat erupzio betean dagoelarik ikusita? Uste dugu erantzuna argi dagoela eta, beraz, txip edo pentsaera hori aldatu behar dugula uste dugu. Gauza ez da telebista asko ikustea txarra dela, ez, gauza da ikasi behar dugula zer ikusten.
Estatistiken arabera, gaur egun umeek 3 ordu ematen dituzten telebista aurrean egunero. Programazioa egia esan, ez zaigu oso didaktikoa iruditzen baina hau aldatu ezkero, programazioa aldatu ezkero, uste dugu pentsaera hori aldatu eta hobeto ikusiko dela telebistaren erabilera erabiltzea hezkuntza mailan.

2. artikulua

LASKIBAR, Iker. Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan trebatua Ekarpena Teknologia berriak: Teknologia berriak hezkuntzan

Dirudienez, Teknologia Berriak ikastetxeetan sartu egin behar dira. Ia inork ez dauka dudarik. Dena den, gutxienez zalantza sortu behar zaigulako ustean nago: Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?

Batzuek diote ikastetxeetako lana sozializatzea dela. Beraz -jarraitzen dute-, Teknologia Berriak gizartean daudenez, ikastetxeek teknologien mundu horretan bizitzeko trebetasuna garatu behar dute. Nire ustez, arrazoiketa hori gezurrezkoa da. Denok dakigu indarkeria ere gizartean dagoela, baina hori ez da nahikoa gure ikasleak jotzeko edo babes teknikak erakusteko. Orduan, zergatik sartu behar dira Teknologia Berriak ikastetxeetan? Arrazoi sinpleago bategatik: Teknologia Berriek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako, eskoletara iristeko eta sartzeko denbora luzea behar izan badute ere.

Duela hogei urte ordenagailuek izugarrizko itxaropena sortu zuten hezkuntza esparruan. Ordenagailuak irakasleen ordezkoak izango zirela sinesten zen. Helburu hori lortzeko, konduktistek geletan ezartzeko programa dexente hedatu zituzten, ordenagailua eskoletako elementu garrantzitsuena izango zelako ustean. Baina, denborak sinesmen hori ustela zela frogatu du.

Ondoren, fidagaiztasunaren garaia etorri zen. Ordenagailuak bazter batean utzi ziren, ia ezertarako ez zutela balio argudiatuz. Makina garestiak ziren eta irakasleei ez omen zieten batere laguntzen. Alabaina, azaldutako atsekabea laster aldatu zen, Internet sortu zenean informazio digitalaren garrantzia benetan ulertu baitzen. Alde batetik, testuak formatu digitalean gorde ditzakegu. Zer da informazio digitala? Papera eta informazioa bereiztea. Jadanik ez dugu paperik behar informazioa alde batetik bestera mugitzeko. Lehen liburu bat bidaltzeko paketea postontzian sartu eta iritsi arte itxaron behar genuen; gaur egun, dokumentu bat edozein lekutara bidaltzeko ez dugu denbora gehiegi itxaron behar, segundo pare bat baizik. Posta elektronikoaren edo e-mailaren bidez ia edozein dokumentu bidal dezakegu hartzaileak behingoan jasoko duela jakinez. Informazio digitalaren iraultza ulertzeko, esan daiteke, adibidez, diskete batean 870 orriko testu bat gorde dezakegula eta CD batean ia 600.000 orriko testua.

Bestalde, txat solasguneen bidez ikasleek edozein herrialdetako ikasleei idatz diezaiekete eta beraiengandik erantzuna jaso, aldi berean. Txat solasguneen erabilera oso interesgarria iruditzen zait ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza irakurtzen eta idazten ikasteko. Baina, irakasleentzat ere erakargarria da: urruti dauden irakasleak gela birtual batean elkar daitezke elkarren esperientzietatik ikasteko eta materialak elkarri eskuratzeko.

Interneti esker, eskolako web orrian gurasoei bidalitako oharrak, ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, curriculuma, gaien apunteak, etxerako lanak, ezagupenak sakontzeko bibliografia, ordutegiak eta abar jar ditzakegu. Hipertestua ere oso interesgarria izan daiteke gai batzuk irakasteko. Ikertzaileen artean eztabaida gogorra dago hipertestuari buruz, eta seguraski, laster ikusiko dira hezkuntza munduan aplikatzeko ondorio interesgarriak. Dena den, gai horietaz guztietaz hurrengo artikuluetan arituko gara

Ikastetxean Internet izanez gero, NASAk duen web orrian sar gaitezke eta ilargiaren argazkiak jaso, edota ikasleei edozein gairi buruzko informazioa lor dezaten eskatu.

Hedabideek , orokorrean, eta ordenagailuak , konkretuki, informazioaren ateak irekitzen dizkigute. Nahi dugun gaiari buruzko informazioa aurki dezakegu Internet sarean. Gure arazo bakarra informazio hori aurkitzea da.

Nire ustez, gela bakoitzean sarean konektatutako ordenagailu bat eduki beharko litzateke. Horrela, gaur egungo hezkuntzaren ikuskera aldatu egin beharko genuke. Jende askok dio ordenagailuaren eginkizuna ikasleak aktibitate mekanikoetan trebatzea dela. Hezkuntzari aplikaturik sortu diren ia programa informatiko guztiak hori egiten dutela dirudi. Ikuskera hori konduktisten antzekoa da. Konduktismoa oso interesgarria iruditzen zait, baina era orokorrean hezkuntzan erabiltzeko, ez hainbeste. Nire ustez, ikasleei irakats diezaiekegun alderdirik garrantzitsuena behar duten informazioa beren kabuz lortzea da. Eta horrekin batera, beste helburu garrantzitsuago bat lor dezakegu: hau da, ikaslearen autonomia sustatzea.

Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan sartuta gaudenok ez dakigu nola aldatuko diren gauzak, ezta norantz aldatuko diren ere. Nolanahi ere ziur gaude mundu hau mugitzen ari dela. Eta nahitaez Teknologia Berriak eta hezkuntza nonbait topatuko direla dirudi.

INFORMAZIO ITURRIA

http://www.hikhasi.com/artikulua > aldizkaria

ARTIKULU HONEN ZERGATIA

Klasean horrela eskatu digute, hau da, Teknologia Berrietako irakasgaian, honelako hainbat artikulu aukeratzea eta honi buruzko iruzkin batzuk egitea eskatu digute eta behin egin behar dugula jakinda, interesgarria iruditzen zaigun batzuk aukeratu ditugu, hau da hautatutako horietariko bat.

IRUZKINA

Aukeratu dugun artikulu hau kontatzen du zelan orain dela 20 urte ordenagailuarengan itxaropen handiak zeuden, esaten zutelako ordenagailuek irakasleak ordezkatuko zituztela eta horrela haurrek heziketa hobea lortuko zutela. Urte batzuk geroago, ostera, iritziz aldatu eta kontrako hasi zen pentsatzen, ordenagailuek ez zutela ezertarako balio, eta.
Gaur egun, esan beharra dugu, eskoletan eta unibertsitateetan, batez ere, gero eta teknologia gehiago ikusten dela, adibidez betidaniko arbelak, desagertzen ari dira, hau da, jada leku askotan arbel digitalak erabiltzen ari dira eta leku batzuetan liburuak  ordenagailu txiki batzuengatik ordezkatu dira ere bai.
Gure ustez gainera, eskoletan teknologia berri hauek nola dabiltzaten erakustea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Honezkero erosketak internet bidez egin daitezke eta etorkizunean ziurrenik, gauza guztiak edo gehienak internet bidez edota horrelako teknologi berrien bidez egingo dira. Gainera, aurten izandako irakasgai honetan, ezagutzen ez genituen hainbat programa didaktiko erakutsi dizkigute eta esan beharra dugu uste dugula irakasleon lana asko errazten dutela. Agian ez hainbeste gure espezialitatean (heziketa fisikoa), gurean ez baita hainbesteko teoria ematen baina bai bestelako irakasgaietan.


3. artikulua

Artikulu hau oso luzea denez, artikuluaren laburpen bat egin dugu eta artikulua helbide honetan ikus dezakezue.

http://www.hikhasi.com/artikulua/785

AUKERAKETAREN ZERGATIA

Testu hau aukeratu dugu, ikasgai honekin lotura zuzena duela pentsatu dugulako. Bestalde, artikuluan aipatzen den programa, gaur egun, ikastola eta ikastetxe askotan erabiltzen da eta etorkizunean gu ere honekin lan egitera heldu gaitezke.

LABURPENA

Testu honek programa informatiko bati buruz hitz egiten du, KLIK programa hain zuzen ere. Programa hau Katalunian sortu zen eta modu azkarrean hedatzen ari da, hainbat hizkuntzatara itzuli delako. Artikulu hau Bartzelonako LH-ko ikastetxe batean eginiko ikerketa baten oinarrituta dago. Honen ezaugarri nagusia aurretik erabilitako oinarrizko eredu batzuetatik abiatuta, jarduera hezitzaileak sortzea da, eta curriculumeko alderdi guztiak barne hartzen ditu arlo guztietarako aplikazioetarako aukera eskaintzen bait du.
Bestalde, ariketa mota ezberdinekin osatuta dago (letra zopak, gurutzegramak…).
Programa honen balio hezitzailea aztertzeko edo baloratzeko matematikarako prestatutako ariketa multzo bat aztertu zuten. “National Development Programe in Computer Assisted Learning” ikerketatik abiatuz, kategoria batzuk osatu ziren (Kemmins-en kategoriak) programa informatiko honek irakaskuntza eta ikaskuntzarako zuen ahalmena ikertzeko asmotan. Kategoria bi daude, eta hauek honetan datza: alde batetik, curriculumeko kategoriak (ikaskuntza paradigma), horietan oinarrituz erabilitako aplikazioak ikuspegi pedagogikotik justifika daitezkeen, eta beste alde batetik, ikasketa ereduak deskribatzen dituzten kategoriak (zeregin kognitiboak), ikerketaren emaitzak eta ordenagailu bidezko ikasketari buruz egindako baieztapenak. Ikerketan kategoria horiek aplikatu baino lehen ohartu ziren, erabiltzaileari informazio bat aurkeztu eta gero horri buruzko galderak edo ariketak egiteko moduko programa bat zela. Eta kategoriak aplikatzerakoan baieztapena etorri zen, haurrak aurretik jasotakoari buruzko ariketak ditu, informazioa jokoan jartzeko. Paradigma hezigarriei dagokionez, programak ez du eginkizun kognitibo bat bultzatzen baizik eta erantzuna ondo dagoen edo ez. Eta eginkizun kognitiboei buruz, esan beharra dago, haurrak jardueran zehar aurkezten zaiona gogoratu edo ezagutu egiten duela soilik. Haurrak ariketak pentsatuta edo pentsatu gabe egin ditzake galdera erantzun batekin lotu behar baititu bakarrik. Ondo erantzun dezake bai, baina ulertzen duen kontzeptu bat erabiltzen duelako edo saiakera eta errakuntzaren bidez erantzun zuzena aurkitu duelako.  Hori dela eta, esaten da programa honek ez duela ulermena bultzatzen, baizik eta, arazo bat erantzun batekin lotzea. Hau dela eta, ikasleen artean ez dago elkarrizketarik.
Programa honek arrakasta handia izan du, eta arrazoiak honako hauek dira: oinarri ekonomikoa (oso merkea da), erabiltzeko erraztasuna (irakasleen teknologia berriekiko ezjakintasuna ez da nabaritzen), denbora (programa on bat haurrei irakasteko denbora asko behar da) eta azkenik espazioa (ordenagailu eskasia).

IRUZKIN

Gure taldeko kide batek txikitan ikastolan programa hau erabili zuen. Eta berak esan bezala, oso erraz erabiltzen den programa informatikoa da, oso sinplea, erantzunak “a boleo” erantzuteko horietakoak… Artikuluak kontatzen duena baieztatzen du beraz.
Programa honek, gure ustez, badauka balio hezitzaile bat, curriculumean agertzen diren puntuak eta klasean landutako gauzak jorratzen direlako. Baina esan beharra dago, informazioa erakutsi eta segidan azaltzen diren ariketak, oso oso errazak direla eta mailarik zailenean ere haurrak oso erraz ebazten dituztela. Eskaintzen den informazioa oso erraza izateaz aparte, ez diote pentsarazten haurrei. Orduan, informazioa irakurri edo gainetik begiratu, eta ariketak gogo gabe egiten dituzte. Ariketak gutxi gora behera irakurri eta ahal den bezala ebazten dituzte buruari bueltak eman gabe, eta gure ustez, ez dute ezer ikasten.
Artikuluan aipatzen den beste puntu bat programaren abantailena da. Lehendabizi, ulertzen dugu ikastola askok ez dutela aukerarik programa garesti eta on bat erosteko, hori dela eta, ahal dutena erabiltzen dute, programa honen antzekoak hain zuzen ere. Bestalde, oso erraza da erabiltzen, hori dela eta irakaslearen teknologia berriekiko ezagutza eza ez da igartzen. Gu honekin guztiz kontran gaude, irakasleak prestakuntza minimo bat izan beharra du arlo honetan. Ez dakielako edo ikasteko gogorik ez duelako, ikasleak ezin dira ibili programa eskasak erabiltzen. Aurrean aipatu dugunarekin, gure ustez, irakasleak beraien ikasketak birziklatu eta gaur eguneko eskaeretara moldatu behar dira. Azkenik, artikuluan kontatzen da, haurrei programa on bat erakusteko denbora asko behar dela. Egia izan daiteke baina ez bagara saiatzen inoiz ez ditugu emaitzak ikusiko.  
       
  

4. artikulua


Teknologia berriak: Bideoak eskaintzen dizkigun aukerak 

Normalean eskolan bideoa gutxitan erabiltzen da, baina bideoaren bidez jarduera asko egin daitezke, honako abantaila hauek baitauzka bideoak: - Bideo zinta edonoiz ikus dezakegu. - Nahi dugunean geldi dezakegu; zerbait azaltzeko, adibidez. - Atzerantz jo dezakegu zerbait berrikusi nahi izanez gero. - Nahi ez ditugun zatiak aurrera ditzakegu. - Hainbat bideorekin beste bideo berri bat sor dezakegu. Baina, zertarako balia ditzakegu abantaila horiek? - Irakaslearen azalpena osatzeko. - Gai berri bat ikasteko. - Emandako gai bat errepasatzeko. - Hainbat arlotako ikasketak erlazionatzeko. - Jarduerak sortzeko. - Banaka lan egiteko. - Etxerako lanak betetzeko...
Film baten zatitxoetatik jarduera ugari antola daitezke. Adibidez, Harrison Forden film batean aktoreak urtegi batetik salto egiten duela ikusten badugu, urtegiaren altuera zein den azter dezakegu. Behin hori jakinda, uretara iritsi bitartean aktorearen abiadura zein izango den kalkula genezake. Eta uraren marruskadura baldin badakigu, zein sakonerara iritsiko den ere bai. Kasinoetako film bat ikusten badugu, ostera, erruletara jokatu baino lehen bideoa geldi dezakegu eta gure ikasleei hainbat galdera egin diezaiekegu: zein den zenbaki irabazlea asmatzeko probabilitatea, zein den kolorea asmatzeko probabilitatea, zein den kolorea eta zenbakia, biak, asmatzeko probabilitatea, behin aktoreak asmatu ondoren zein den berriz asmatzeko duen probabilitatea eta abar.
Fisikako eta matematikako adibideak aipatu ditut, baina beste hainbat arlotarako ere baliagarria izan daiteke: sekuentzia bat ikusi eta gero laburpenak idazteko, deskribapenak egiteko, landareen eta zuhaitzen ezaugarriak ikusteko, animalien bizitzari buruz gehiago jakiteko, unibertsoaren irudiak ikusteko, herrialdeetako historia eta artea hobeto ulertzeko eta abar. Horretarako, ez ditugu erabili behar bereziki hezkuntzarako prestatutako bideoak, ia edozein bideotatik lor baitaiteke zerbait interesgarria. Zenbat eta irudimen handiagoa, orduan eta ondorio hobeak. Aurreko artikuluan esan nuen
bezala, telebista txarra eduki arren, oso lan onak egin daitezke telebistarekin. Eta bideoarekin ere gauza bera gertatzen da. Gainera, kontuan izan behar da ikasleen motibazioa handitu egingo dela bideoa erabiliz gero, eta denok dakigu ikasleen motibazioa oso garrantzitsua dela irakasgaiak lantzerakoan.
Nire ustez, ez litzateke ideia txarra izango liburutegian bideoak sartzea edo bideoteka bat sortzea, gure lanerako lagungarri badira ez baitu zentzurik bideoak ez edukitzeak. Gainera, kontuan izan behar dugu gaur egun bideoak nahiko merkeak direla. Dena den, bideoak erosi baino lehen, beste aukera batzuk baditugu. Zergatik ez ditugu gure bideoak egiten? Zergatik ez dituzte ikasleek beren bideoak egiten? Kamara digitalarekin eta bideo tresna batekin nahiko erraza da. Jakina da, gainera, ikasleek guk baino askoz hobeto erabiltzen dituztela tresna horiek. Edukiak beraiek antolatzen badituzte, irakurtze hutsarekin baino gehiago ikasiko dute. Kontuan izan behar dugu bideoaren bidez edozein gai azaldu nahi badute, lehendabizi ondo ulertu behar dutela. Eta azkenik, bideoa bukatu ondoren gelan aurkez diezaieke ikaskideei. Azken finean, beren ikaskuntza prozesuaren protagonistak sentitzen badira, ahalegin handiagoak egingo dituzte beraien (eta gure) helburuak betetzeko.

Bideoa eta aniztasunaren trataera Gaur egun garrantzi handia ematen zaio aniztasunaren gaiari. Kontuan izan behar dugu daukagun ikasle bakoitza desberdina dela. Horregatik saiatu behar dugu ikasle bakoitzaren beharrak betetzen. Xede hori lortzeko, hainbat tresna erabil dezakegu, baina teknologia berriek asko lagun diezagukete. Artikulu honetan, ordea, bideoari dagozkion aukerei buruz soilik hitz egingo dut.
Bideoa banaka lan egiteko nahiz gaiak errepasatzeko ona izan daitekeela esan dut lehen. Gela berean hainbat maila aurki ditzakegu. Pentsa, adibidez, gela bakoitzean bideo bat, telebista bat eta bizpahiru entzungailu dauzkagula. Zergatik ez diegu ikasle nabarmenenei eta zailtasun handienak dituztenei baliabide horiek erabiltzen uzten, besteei eskola ematen diegun bitartean? Batzuetan ikasle nabarmenenak aspertu egiten dira eta, beste batzuetan, zailtasunak dauzkatenek ez dute ulertzen irakaslea azaltzen ari dena. Horregatik, gaiari buruzko bideo bat ikus dezakete gehiago jakiteko edo azaldutakoa hobeto ulertzeko, besteek irakasleari entzuten dioten bitartean. Agian lehenengo saioetan arraroa irudiko zaie, baina denborak aurrera egin ahala, gelaren barruan bideoa erabiltzera ohituko dira.
Askok esango dute erabilera horrek gazteek kutxa mozoloa gehiago ikusteko besterik ez duela balio izango; benetako hezkuntza liburuen bidez besterik ez dela lortzen; eta liburuak bideoak baino hobeak direla. Mota horretako arrazoiketak historian zehar behin baino gehiagotan entzun izan dira heziketan zerbait berria sartu nahi izan denean:
Sokrates idazkeraren aurka zegoen, Erdi Aroko Unibertsitatea liburuen aurka eta Beethoven metronomoaren aurka. Historiak arrazoia kendu die hirurei; bideoaren erabileraren kasuan, gurasoei ere arrazoia kenduko ote die? Gainera, ezin dugu ahaztu gaur egungo ikasleek ikus erreferentzia gehiago dituztela erreferentzia idatziak baino. Beste askok pentsatuko dute telebista eta bideoa gelan sartzea garestia izango dela. Halere, gurasoen laguntzarekin baliabide horiek arin lor daitezke. Guraso bakoitzak seme edo alaba bakoitzeko urtero 15 euro ordainduko balu, lehenengo urtean gela guztietan bideo bat, telebista bat eta hiru entzungailu lortuko lirateke. Eta bigarren urtean gai interesgarriei buruzko bideoak erosi ahal izango lirateke. Beharbada, batzuentzat amets hutsa da proposatu dudana, baina nire ustez, ametsez amets egiten da aurrera.

INFORMAZIO ITURRIA 
  • http://www.hikhasi.com/artikulua > aldizkaria 

ARTIKULU HONEN ZERGATIA 

Teknologia berriei buruzko artikuluak aurkitu behar izan ditugu. Lehenengoak era orokorrean azaldutakoak izan dira baina konkretuki zehaztuta dagoen bat burutu nahi izan dugu, horregatik aukeratu dugu hau; bideoak eskaintzen dituen aukerak. Hezkuntzan nolako abantailak eman ditzakeen aztertzeko eta honen erabilpen egokiak zeintzuk izango ziren jakiteko.

IRUZKINA 

Aukeratu dugun artikulu hau, bideoak hezkuntzan eskaintzen dituen aukerei buruzkoa da. Hasteko, bideoaren bitartez jarduera asko egin ditzakegula aipatzen du eta honekin batera dauzkan abantailak. Iritzi testu hau irakurri ostean, bideoaren bitartez hainbat jarduera egin daitezkeela ohartu gara, ez bakarrik gai bakar baten inguruan, baizik eta arlo gehienak ukitu daitezke, nahi duzunaren inguruan bideoa jarri eta kitto. Gainera, geletan ohikoa den lez beti egoten da norbait atentzioa arin galtzen duena eta baliabide honek atentzioa erakarri egingo duelakotan gaude. Gainera, talde lana edo bakarkako lana bai bata eta bai bestea egin daitezkeela inongo arazorik gabe, beraz aldaketa onuragarria izango litzatekeela uste dugu bideoa geletan jartzea. Are gehiago, taldekide batek praktikak egin duen ikasgelan, lehen hezkuntzakoei batzuetan bideoa jartzen zaie erdarazko orduetan beraien kapazitatea eta irudimena lantzeko.
Esan beharra dago idazleak galdetutakoari ez dakigula erantzuna bilatzen, historiak gurasoei arrazoia kenduko ote dioten ala ez. Baina baiezkoan gaude, ikastoletan nahiz eskoletan badagoelako bideo gela bat edo gela bakoitzean ordenagailu bat lanak egiteko erabiltzen dutena, zerbaiten inguruan bideoak ikusi eta horren inguruan lana egiteko, ordenagailu bidez interneteko edozein orrialdetan sartu eta nahi den bideoa ikusteko eta baita haurrak entretenitzeko ere, pelikulak naiz dokumentalak ikusteko.

5. artikulua



INFORMAZIO ITURRIA 

Youtube-tik harturiko bideo bat da. 
Hezkuntzari aplikatutako teknologia berriak: http://www.youtube.com/watch?v=BHGy76DiYeU&feature=related

ARTIKULU HONEN ZERGATIA 

Gauza interesgarriak azaltzen direlako aukeratu dugu bideo hau, hala nola teknologia berriek ahalbidetu dutena, eta hezkuntzan lor daitezkeen erraztasunak azaltzen dituelako, baita ekarpen guztiak artikuluak izan beharrean bideo aberats bat garatzeko ere.

IRUZKINA 

Bideo honek teknologia berriek aurrerapen ugari ekarri duela hezkuntzara aipatzen du. Argi dago hori egia dela ideia hau, gero eta eskola gehiago teknologi berriak erosten baitabil eta honek irakasteko modua aldatu egiten du, baina benetan irakasteko modua aldatu ahal da? 
Guk uste dugu eskola eta ikastola gehienetan baietz, ez nabarmenki baina bai, programak erabiltzen dutelako, ikasleei protagonismoa eta berak ikertu behar duelako… gainera internet erabiltzea oso bide ona da, izan ere, edozeinek eskura dezake informazioa eta galdera guztien erantzuna dauka. Gainera, bilaketa ondoren, aukera libre asko ematen du; informazioa birmoldatu, manipulatu… Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek ahalbideratu dute. Eskuratzea sortzea, eraldatzea, komunikatzea… ahalbidetzen duten teknologiak dira.
Hau oso ondo lortzeko eta garapen ikaragarria lortzeko, ikasleak multialfabetizatu behar ditugula esaten du bideoak, teknologi berrietara errazteko eta informazioa era egokian erabiltzeko hain zuzen ere. Helburu hori lortzeko hezkuntzari aplikatutako tresnak daude: ordenagailua, arbel digitala, testu prozesadore berriak, baliabide asko…
Guzti hau ikusita argi dago teknologia berriak aurrerapenak ekarri dituztela hezkuntzara, baita beste arlo batzuetara ere. Hezkuntzan erraztasun asko lortuz eta ikasleek gaur egungo gizarteak sortutako erronkei aurre egiteko prestatuz baliabide didaktiko motibagarriak izanik.

Sekuentzia didaktikoa: Hortzak nola garbitu

HORTZAK GARBITZEAREN ARGITALPEN DIGITALA

Guk, haur batek hortzak garbitzen ikasteko burutu behar duena azalduko dugu.  
 
BEHARREZKO MATERIALA
  • Hortzetako eskuila
  • Hortzak garbitzeko pasta
  • Basoa
  • Ura
  • Eskuoihala

ERABILITAKO BALIABIDEAK
  • Pixtonaren bidez azalduko genuen hortzak garbitzeko prozesua. 

HELBURUAK 
  • Hortzak garbitzea ohitura bezala hartzea.
  • Ikastea hortzak ondo garbitzen.
  • Kontzientziatu ekintza hau eginez aho osasuntsu bat mantentzen dela.

GAITASUNAK
  • Gai izatea bera bakarrik hortzak garbitzea.

PAUSUAK
  1. Hortzetako eskuila hartu eta uretan pixka bat busti.
  2. Hortzetako pasta potoa ireki.
  3. Eskuilan pasta pixka bat jarri.
  4. Nahi izan ezkero berriz uretatik pasa edo bestela segidan ahoan sartu.
  5. Ondo igurtzi; goitik  behera, ezker eskuin… baita mihia eta ahosabaia ere.
  6. Basoan ur pixka bat bete eta ahora sartu (enjuagatzeko) ez edateko.
  7. Ahoan duzuna konketara bota.
  8. Eskuila garbitu eta eskuoihalarekin aho ingurua sikatu.
  9. Dena garbitu eta kitto!

EBALUAZIOA

DESKRIBAPENA
BAI
GUTXI GORA-BEHERA
EZ
Haurrak hortzak garbitzen ditu.



Behar beste denbora ematen du igurzten.



Igurzterakoan egiten du indarraren kontrola.



Enjuagatzerakoan ahoa behar den bezala garbitzen du.



Behar beste aldiz garbitzen ditu egunean zehar?



Jarrera.